Pasadan urriaren 15ean, Komunikazio bitartekotza zikloko ikasleek ONCE Euskadik Bilboko Kale Nagusian antolatutako XX. Kriskitin Lasterketan boluntario gisa parte hartu zuten.
“Ateak Zabaltzen. Braille 200 urte” lelopean, hiritarrek era inklusibo baten, hau da, antifaza jarrita eta beste pertsona batek hiri-ibilbidean gidatuta, ikusmen-urritasuna eta gor-itsutasuna duten pertsonen egoera hurbiletik ezagutu ahal izan zuten.
Esperientzia honek gizarte-aniztasunaren balioa eta inklusioaren garrantzia azpimarratzeko balio izan zuen. Lasterketaren ostean, ONCE Euskadik Urrezko Kriskitina eman zuen, aurten, herri-bozketa bidez aukeraturiko ACAPK Nervion-Ibaizabal Parkinson Elkartearentzat izan zena. Gainontzeko erakunde finalistak Bakuva elkartea eta Pasioaren Kofradia izan ziren.
Kriskitin lasterketak Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta, besteak beste, BBK Fundazioaren laguntza izan zuen.
FP Barakaldo LHtik Komunikazio bitartekotza zikloko ikasleei egindako lanarengatik eta inplikazioarengatik eskerrak eman nahi dizkiegu. Hezkuntza eta partaidetza aktiboaren bidez, gizarte anitzagoa, bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzen laguntzen dute.



