Barakaldoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua gara, 1944tik profesionalak prestatzen dituena. Erdi-mailako eta goi-mailako zikloen eskaintzak gure inguruko enpresen kualifikazio-beharrei erantzuten die, eta askotariko sektoreak hartzen ditu barnean, hala nola industria, zerbitzuak, eraikuntza edo osasuna, etorkizuneko mundua garatzen jarraituko duten pertsonak prestatzeko.
Bestalde, Barakaldoko LHn ez gara konformatzen prestakuntza ematearekin, eta lankidetza-sare bat sortu nahi dugu ikasleen, gure langileen eta enplegagarritasuna eta berrikuntza sustatzen duten eragileen artean. Jakin badakigu horrela bakarrik izan gaitezkeela garapen iraunkorraren, aukera-berdintasunaren eta aurrerapen teknologikoaren ardatz, eta, gainera, pertsonen kualifikazioaren eta produkzio-sarearen hazkundearen arteko zubi-lana sendotu dezakegu.
1944
Barakaldoko Lan Eskola inauguratzen da
Aurreko Arte eta Lanbide Eskolako azken ikasturtea amaitu ondoren, Lan Eskola eraikin berri batean hasi zen, Francisco Millán del Val jaunaren zuzendaritzapean. Hasieran, industriak eskatutako espezialitateetako 126 ikasle izan zituen ikastetxeak.
1955
Urte honetan, ikastetxeak Maisutza Eskola izena hartu zuen
Lanbide Heziketari buruzko Lege berriarekin, ikastetxearen izena aldatu eta Maisutza Eskola jarri zitzaion, 504 ikaslerekin.
1960
Industria Maisutzako irakaskuntzak ematen hasi ziren.
Eskolak Industria Maisutzako irakaskuntzak emateko baimena lortu zuen Metalaren, Elektrizitatearen, Zuraren eta Delineazioaren adarretan.
1973
2.208 pertsona matrikulatu ziren 1973-1974 ikasturtean
Eskolako matrikulazioa 2.208 ikaslekoa izatera iritsi zen, eta eskolaren egituran aldaketak egiten hasi ziren hazkunde horri egokitzeko, atxikitako eraikin bat eraikitzeko planak barne.
1975
1975ean. Ikastetxea LH I-eko eta LH II-ko zikloak ezartzen hasi zen
1970eko Hezkuntzari buruzko Lege Orokorrarekin, gure eskolara LH I-a iritsi zen 1975ean, Mekanika, Metal-eraikuntzak, Elektrizitatea, Zura, Delineazioa, Moda eta Jantzigintza, Administraria, Klinika eta Ile-apainketa adarrekin. Hurrengo urtean, LH II-a iritsi zen, beste adar batzuekin batera: makina-erreminta, matrizegintza eta moldeak, galdaragintza, instalazioak eta linea elektrikoak.
1980
Erantsitako eraikin berriaren eraikuntza amaitu zen
Eraikin berriak matrikulazioaren hazkundea eta LH I eta II sartzea egokitu zituen, ile-apainketa eta administrarien lantegiei, klinika bati eta gimnasio bati tokia emanez, besteak beste.
1981
Maisutzako ikasketa-plana amaitu eta LHkoa ezarri zen
Lanbide Heziketako eredu berria ezartzen amaitu zen, Maisutzakoa atzean utzita eta espezialitate berriak sartuta, hala nola Altzarien diseinua eta fabrikazioa edo Ile-apainketa eta estetika.
1985
Egituraren eta ekipamenduaren erreforma handia hasi zen
Matrikulazio-kopuruak gora egin zuenez (6.000 ikasle guztira) eta etorkizunean LOGSE ezarriko zenez, ikastetxea berriro egituratu behar izan zen. Espazio eta tailer gehienak berreraiki eta berritu ziren, Ekitaldi Aretoa eta jantokiak egin ziren, eta inbertsio handia egin zen teknologia berrietan.
1989
LH I-eko zikloei Erdi Mailako Heziketa Ziklo deitzen hasi zitzaien
1989-1990 ikasturtean, LOGSE berria pixkanaka ezartzen hasi zen, LH I kenduta eta Erdi Mailako Heziketa Ziklo bihurtuz.
1993
LH II-ko zikloei Goi Mailako Heziketa Ziklo deitzen hasi zitzaien
1993an, LH II-ren ordez, Goi Mailako Heziketa Zikloak ezarri ziren, eta Batxilergo Teknologikoa eta Administrazio eta Kudeaketa Batxilergoa sartu ziren ikastetxean. Zereginen Ikaskuntzarako Gela ere sortu zen, premia bereziak dituzten ikasleentzako prestakuntza emanez
1994
Zentroa Nicolás Larburu GLHBI gisa finkatu zen
Ikastetxeko berrogeita hamar urteurrena zela-eta, aho batez erabaki zen ikastetxearen izena Nicolás Larburu GLHBIra aldatzea, Institutuko irakasle eta zuzendari izan zenaren omenez, hezkuntza-arloan aitzindari izan baitzen.
Urte horretan bertan, LOGSEk sartutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eredua finkatu zen.
2000
Nicolás Larburu GLHBIk Kalitatearen ISO ziurtagiria lortu zuen
Irakaskuntzaren egoeraren aldaketen ondorioz, ikastetxeko zuzendaritzak Kalitate Sistema ezarri zuen 1997an, langileak ISOren (Estandarizazioaren Nazioarteko Erakundea) kalitate-teknika berrietan prestatzeko. Ahalegin horien ondorioz, ISOren onarpena lortu zen 2000. urtean.
2007
Zentroak zilarrezko Q-a lortzen du
LHII izateko ezinbesteko baldintza gisa, Europako EFQM kalitate-eredua ezarri zen. Egindako ahaleginen ondoren, 2007an, Eusko Jaurlaritzak, Euskaliten bitartez, zilarrezko Q-a eman zigun “erabateko kalitaterantz eta bikaintasunerantz aurrera egiteko gure konpromiso argia” saritzeko.
2008
Ekipamenduaren eguneratzea amaitu zen eta ikastetxeak DBH eta Batxilergoa emateari utzi zion
DBH eta Batxilergoa Antonio Trueba BHIra eraman ziren, eta Antonio Trueba BHIn eta Minas BHIn ematen ziren LHko zikloak Nicolás Larburun ematera pasatu ziren, 11 lanbide-arlotako 25 heziketa-ziklo emanez. Nicolás Larburu GLHBI Lanbide Heziketako zentro gisa sendotzeak egitura aldaketetan, ekipamenduan eta makinerian inbertsio handia egiteko beharra ekarri zuen.
2012
Ingurumen eta Energia Kudeaketaren ISO ziurtagiriak lortzen ziren
Zentroak CO2 emisioak murrizteko, energia-eraginkortasuneko plan bat diseinatzeko eta hondakinak kudeatzeko sistema bat ezartzeko helburua ezarri zuen. Horrela, Ingurumena Kudeatzeko Sistemaren ISO 14001 ziurtagiria eta Energia Kudeatzeko Sistemaren ISO 50001 ziurtagiria lortu genuen.
2015
Zentroa CIFP Nicolás Larburu LHII bihurtu zen
2006an Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa (LOE) onartu eta Zilarrezko Qa lortu ondoren, Nicolás Larburu Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua izena hartu zuen institutuak.
2020
Genero Berdintasuna Sustatzeko ziklo berria iritsi zen ikastetxera
Goi-mailako ziklo hau iristean, Nicolás Larburu LHII Euskadiko LHko lehen zentro bihurtu zen formakuntza hau eskaintzen. Horrela, ikastetxeak 26 ziklo eskaintzera pasa zen.
2022
Zentroaren izen berria CIFP Barakaldo LHII izatera pasatu zen
28 urtez Nicolás Larburu irakasle historikoaren eta ikastetxeko zuzendariaren izena eduki eta gero, Barakaldo LHII izena jartzea onartu zen, eta ikastetxearen irudia eta webgunea berritzen hasi ziren.